Berriak

2014-11-05

LKS-ek eta Prospektiker-ek ikerketa bat egin dute Gipuzkoan lanaldi malgua ezartzearen inpaktu potentzialari buruz

100 langileko enpresa batek 300 mila euro aurreztu ahal ditu urtean

LKSek eta Prospektikerrek Gipuzkoan lanaldi malgua ezartzearen inpaktuari eta hori erakundeetan ezartzeko ereduari eta gidari buruz egindako azterlanaren emaitzak eman dituzte ezagutzera. Azterlana Gipuzkoako Foru Aldundiaren Berrikuntza, Landa Garapen eta Turismo Sailaren laguntzaz egin da, eta Estatu Batuetan eta Kanadan gai horri buruz egindako lanetan oinarritu da.

Donostian aurkezturiko txostenaren arabera, Gipuzkoan lanaldi malgua ezarriz gero, 75.000 langilek (hau da, lana duten biztanle guztien % 25,9k) lanaldi malguko bi jardunaldi egin ahal izango lituzkete astean. Langile horietako bakoitzari esker, enpresak 3.516 euro aurreztuko lituzke urtean; alegia, ehun langile dituzten enpresek 352 mila euro aurreztuko lituzkete guztira.

Bestalde, urrutitik lan egiten duen langileak urtean 586 euroko onura lortzen du, garraio-gastuak eta beste gastu batzuk ekiditen dituelako. Gipuzkoa osoan bi lanegunetan ezarriz gero, 317 milioi euro aurreztuko lirateke, hau da, Gipuzkoako Foru Aldundiko Gizarte Politika Departamentuak 2014. ekitaldirako duen aurrekontuaren antzeko diru-kopurua (327 milioi euro).

Azkenik, 1.515 tona CO2 atmosferara isurtzea saihestuko litzateke, auto gutxiago ibiliko bailirateke errepideetan. Gainera, ikerketaren arabera, zirkulazio-istripuen kopurua txikitu egingo litzateke (ehun bat istripu gutxiago; Gipuzkoako in itinere zirkulazio-istripuen %10 baino gehiago).

LKSren eta Prospektikerren ikerketak azpimarratzen du duela 40 urte lan egiten genuen antzera lan egiten jarraitzen dugula, nahiz eta teknologia-alorrean aurrerapen oso handiak izan diren. Halere, lanaldi malgua edo urrutikoa lan egiteko modu berria da, konfiantzan eta erakundeen kultura berrian oinarrituriko arduradunaren eta kolaboratzailearen arteko barne harremana ulertzeko modu berria.

Lan egiteko modu berri horiek produktibitatea handi dezakete, eta enpresentzako, langileentzako eta, orokorrean, Gipuzkoako gizartearentzako aurrezte ekonomiko eta ez-ekonomiko handiak sor ditzakete.

Onura garbi horiek gorabehera, lanaldi malguaren ezarpena espainiar Estatuan % 13 ingurukoa da, funtsean, erakundeetako kulturaren (presentzialismoa kontrolatzen oinarrituriko kulturaren) eta profesionalen lana edo errendimendua ebaluatzeko erabiltzen diren metodoen ondorioz, besteak beste.

Gipuzkoan, lanaldi malgua ezartzearen inpaktuari buruzko ikerketaren emaitza horietaz gain, erakundeetan lanaldi malgua ezartzeko Eredua ere aurkeztu da. Bertan adierazten denez, eskuarki gure erakundeak ez dira zerotik hasten ezarpen-prozesu hori ezartzen. Gaur egun, urrutitik lan egitea dakarten lan-prozesuak ditugu integratuta, nahiz eta, egia esan, horren berri ez izan. Zenbait lan-prozesutan, balio-kateko osagaiak integratuta daude eta urrutitik jarduten dute elkarlanean. Erakunde askok urrutiko lana egiten dute dagoeneko; izan ere, egoitza asko dituzte, lurraldean zehar banatutako erakundeak dira eta, orokorrean, konponbide teknologikoen erabilera-maila adierazgarria dute. Gainera, gure erakundeetako zenbait langile “urrutitik” aritzen dira: saltzaileak, zerbitzu teknikoko langileak, muntaketakoak, etab.

Gidan azaltzen den metodologiak honako helburu hau du: lan-modu berri hau arrakastaz ezartzeko faseak biltzea eta deskribatzea. Maximoen kontzeptu bati jarraituz, hori lortzeko garatu beharreko prozesu osoa jaso da. Baina erakunde guztiek ez dute zertan bide osoa egin, zenbait elementu garatuta izan baititzakete dagoeneko.